Jarrera aktiborako tresna egoki bat

Nire ustez, euskaratik aktibismorako bidea egiteko “euskararentelefonoa.com”  zerbitzua ezinbesteko tresna da. Euskaraz bizitzeko, harrotasunez, hartu dudan hautu irmoa adierazteko maiztasun handiz erabiltzen dudan tresna da.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak sortutakoa, webgunearen hasieran labur eta zuzen bere funtzioa ageri da: Euskararen telefonoa Behatokiaren doaneko zerbitzua da. Hizkuntz eskubideen urraketei konponbidea emateko tresna zuzen eta eraginkorra izan nahi duen zerbitzu hau Euskal Herriko edozein herritarren eta elkarteren eskura dago.

Gaurkoan, adibidez, Caixa-k, GasNatural-fenosak eta Osasunbideak erdara hutsez bidali dizkidaten gutunak bertan salatu ditut.

Nik euskaraz, mesedez

Internetek indarra hartu zuenetik, milaka dira urtean posta elektronikoa edota sare sozialen bidez iristen diren elkartasun mezuak, sinadura bilketak eta halakoak. Komunikazioari dagokionez, nire balorazioa oso ona da, ohiko hedabideen menpekotasunetik kanpo bestelako sinergiak sortzeko aukera bikaina eman duelako.

Hortik aurrera, euskarari dagokionez, egoera kezka biziz ikusi dut. Euskarari lehentasuna emateaz ari garenean, halako gehienak erdara hutsez iristen dira, horietariko asko, gainera, euskaltzale eta euskaldun askok bidalita. Asmo onez, noski.

Horri ere galga jartzeko garaia dela uste dut. Jarrera aktibo baterako ideiak, beraz:

1. Nik, bederen, ez ditut mezu horiek elkarbanatuko edo beste era batean zabalduko.

2. Ez ditut aintzat hartzeko inolako asmorik. Azken batean, atsekabetuta uzten naute eta gogo ezak irabazten du.

Nire lagun batek halaxe gaineratzen du: “Euskal Herrian zabaltzen edozein sinadura bilketari uko egiten diot, erdara hutsez hedatzen baldin bada”

3. Iaztik halako mezu elektronikoak iristen direnean, jarraian dagoen mezu estandarra bidali izan dut bueltan. Nire inguruko jendea gauza bera egitera animatu dut eta ez naiz horretan aritzen den bakarra.

Astero, egunero ez bada, mezuak iristen dira. Ez dakit noren aldeko
        atxikimendua emateko mezua, ez dakit zeren kontra sinadurak biltzeko,
        kanpaina bati lotutako eskuorriak eta abar luze bat. Erdara hutsez
        iristen dira horietariko asko.
        Nik, mesedez, euskaraz jaso eta irakurri nahi ditut. Eskerrik asko

Hizkuntza-praktika egokiak egin daitezen aktiboa izateko tresna batzuk eman nahi izan ditut. Gaurkoan, azkenik, gehituko dut eragina izan baduela, nik ikusi dudalako