Enpatia bila, aktibismotik

Erabileraren bidea urratu nahian, ekintza txiki bat egitea pentsatu nuen. Gordeta nuen Dabid Anautek idatzitako ARTIKULUA, eta horretan inspiratuta, testu bat sortu nuen inguruko erdaldunei bidaltzeko.

Nire gaurko jolasa izan da, gaztelaniaz idatzitako testua facebook-en jarri dut, eta inguruko erdaldunak dabiltzan whatsapp taldeetara bidali dut. Dabidek iradoki zuen bezala, hizkuntza-hautua oraingoan sentimenduekin nahiz emozioekin azaldu dut.

Ederra izan da, irudi bat eta guzti sortu dut. Jolasak nire eskuetatik ihes egin du, asteetan gehien irakurri didaten oharra izan da, jendeak zabaltzeari ekin dio, noraino iritsiko den ezin jakin…., baina horiek komunikazioaren paradigma berriak dira. Nirea ekintza txiki bat izan da, enpatia bila.

zoriontasuna

EUSLEAK

Argia aldizkarian erreportajea irakurri dut, osorik; dena den, hortik harago ez dut proiektua/metodoa ezagutzen. Hori bai, gogoeta bat hona ekartzeko aukera eman dit.

Izan ere, nire ustez, gutariko asko egunero EUSLE gisa aritzen gara. Euskaraz normaltasunez bizi nahi dugunez, aukera dugun guztietan euskaraz aritzen gara. Euskaldun bati beti euskaraz egiten diogu, testuingurua erdalduna izanda ere, esate baterako.

Jarrera arrunta da, euskaldunok euskaldunei euskaraz (nahi) egitea; are gehiago, inkestek askotan horrela baieztatu dute, erabileraren gainean zama handiegia jartzen den arren. Hori bai, uste dut egoera edota elkarrizketa asko euskaraz suertatzen direla gutariko asko EUSLE bihurtzen garelako: gure jarrera aktiboa oso lagungarria da euskara ardatza izan dadin. Gainera, hain jarrera aktiboa ez duten euskaldun askok ederki eskertzen dute euskaraz egiteko aukera eta giroa topatzea.

Azken boladan, erreportajea aparte utzita, horrelako egoera asko ikusi ditut: euskaraz egin nahi dute, baina normala den bezala, ez dute horretarako jarrera argirik. Gu bezalako aktibista batzuk egotea, jarrera irmoari helduta, giltza da euskaraz barra-barra egin dezaten.

Lotsarik gabe, edo lotsatuta, bilatzen gaituzte: “horren inguruan euskaraz goxo-goxo eginen dut”

Oharra: Aipatutako artikulua HEMEN

Euskararen telefonoa, aktibaziorako abagune bikaina

Behin baino gehiagotan hemen aipatu dut, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eskaintzen duen tresna: http://www.euskararentelefonoa.com

Besteak beste, kexak jartzeko aukera ematen du, eta, askotan dudan bezala, horrek ondorio onak ekarri izan dizkit. Hau da, euskararen aurkako bazterketa salatze hutsean ez da geratzen, sarritan salatutakoek jarrera aldatu, eta eskubideen urraketa gainditzen dute.

Beste aukera bat litzateke deus ez egitea: geure buruari kexa helaraztea, sutan jartzea, eta aurrera. Baina aktibismoak bestelakoa eskatzen du: erabil dezagun tresna interesgarri hau, eta lorpenak etorriko dira.

Berriki euskararen telefonoan jarri ditudan kexak (eta bestelakoak) ikusi ahal izan ditut, azken urteotako bilduma, alegia. Nahi baino gutxiagotan erabiltzen dudala pentsatzen dudan arren, zenbaki polita iruditu zait: 45 bat dosier ireki egin ditut.

Nirekin batera beste 10 bat lagunek berdin jokatuko balute, 500 bat bideratuko genituzke.

Animatuko zarete???

Garaipen kutsua

Nazioarteko enpresa baten informazioa jaso, eta gaztelania hutsean zegoela kexa jarri nuen Hizkuntza Eskubideen Behatokiak kudeatzen duen Euskararen Telefonoan. Gaur Behatokiak enpresak emandako erantzuna bidali dit, eta, tira, aktibismoak eragindakoa aintzat hartzekoa da.

X-k Nafarroako Foru Erkidegoko bazkideei publizitate-komunikazioak gaztelaniaz igortzen dizkie. X-rendako oso garrantzitsua da bezero guztien asebetetzea, hortaz, kexa jartzaileari barkamena eskatu nahi diogu sortutako eragozpenengatik. Hori dela eta, zerbitzu onaren izenean eta X-ko bazkideen asebetetzea bilatzeko asmoz, kexa jartzaileari eskerrak eman nahi dizkiogu klubeko komunikazioetan hizkuntzak Nafarroako bazkideendako duen garrantziaren eta sentiberatasunaren berri emateagatik. Bide batez, atseginez jakinarazi nahi dizuegu bazkideekiko zerbitzuen maila guztietako bikaintasuna lortzeko webgunerako sarrera eta bazkideekiko komunikazioa euskaraz izateko aukera aztertzen ari garela.

Bai, horixe! “Egiten duzun orok…”

Carles Belda musikari eta glosadore kataluniarrari ARGIA aldizkarian egindako elkarrizketan hauxe da azken galderari ematen dion erantzuna; urteotan irakurri dudan aipamenik indartsuenetako bat, eta hona ekartzea erabaki dut. “Egiten duzun orok kokatzen zaitu balantzaren alde batean edo bertzean…” Bai, horixe!!!!

Zuk euskara bultzatu eta gozatu ez ezik, ikasi eta erabili egiten duzu.

Zugarramurdin bizituta errazagoa da. Hemen euskaraz ikasten duenak erabili dezake. Bertzalde, arras hizkuntza interesgarria da eta ez ikastea zozokeria handia zatekeen, altxorraren aitzinetik pasa eta ez ikustea. Ezin nuen galdu mundu berri batean murgiltzeko aukera. Horri ardura pertsonala gehitu behar zaio. Argi izan behar duzu euskara ikasiz paisaia euskalduntzen duzula eta ez ikasiz erdalduntzen. Zaborra edo transgenikoekin bezala da, zure esku dago bio erostea edo ez, zaborra bereiztea edo ez. Egiten duzun orok kokatzen zaitu balantzaren alde batean edo bertzean, zure ekintza bakoitzak indartzen du alde bat eta ahultzen bertzea. Nik beti izan dut argi zein aldetan egon nahi dudan.