Ziurtagiriaren ebaluazioa: Hizkuntza gaitasuna.

Duela hilabete batzuk, jolas moduan, kontu honekin aritu nintzen. Hau da, neuk, norbanako batek, Bai Euskarari ziurtagiria edukiko banu, zein egoeratan egonen nintzatekeen ikustea. Ziurtagiriaren ebaluazioan bost atal lantzen dira: hizkuntza-gaitasuna, hizkuntza-paisaia, barne harremank, kanpo harremanak eta baliabide informatikoak. Lehen atalari dagokionez, aipatu nuen nire egoera (betetze-maila edo) %65ekoa zela. Hizkuntza-gaitasuna? Bai, ni euskalduna naiz, eta, hala hartuta, %100a jarriko nuke. Azterketa okerra iruditu zitzaidan, eta nire mundua hartu nuen irizpidetzat. Beraz, nire munduaren %35a erdalduna da.

Hilabeteak pasa dira, eta idazten jarri aurretik, hauxe pentsatu dut: “berdin-berdin dago”. Euskaraz bizi nahi dut, eta halaxe bizi naiz askotan, euskaldun euskaltzalea naiz, euskaratik eta euskaraz, eta hemen nabil aktibistaren aldarria egin nahian. Hala eta guztiz ere, ez naiz gai nire “erdaldunen kuota” aldatzeko. Izan ere, betidanik izan dudan erronka ezinezko bihurtzen ari da, nola eragin ezagutza/hizkuntza gaitasunean, alegia.

Urteroko ebaluazioa une honetan eginez gero, berdin jarri beharko luke ebaluatzaileak: nire hizkuntza-gaitasuna %65a! Porrota?? Zer pentsa ematen du, baina horrekin sakontzen hasi aurretik, ohar pare bat. 1. Ezagutza tasak urtero ebaluatzea ez da egokiena, nonbait. Urte batetik bestera aldaketak sumatzea zaila da, ados. 2. Nire mundu erdaldunak berdin jarraitzen al du? Egia esan, hasiera batean, ebaluatzaileak berri pozgarriak baino ez lituzke aurkituko. Nire mundu erdaldunean daude bi lagun euskara ikasten hasi dira, oe,oe, oe!! Nire eraginez? Ezetz esango nuke. Lehenengoak Osakidetzan lan egin ahal izatea du xedea; bigarrenak, berriz, seme-alabekiko hurbiltasuna, txikien euskalduntzean (erreferentzia asko erdaraz dituztelako) lagundu nahi izatea. Hori esanda ere, esan dezaket haientzat erreferentzia naizela. Izan ere, euskara ikasten hasteko bestelako arrazoiak izan dituzten arren, sumatzen dut haientzat garrantzitsua dela ondoan euskaldun aktibo bat edukitzea.

Horiez gain? Nire erdaldunen tasak hor dirau, baina baikortasunetik mintzatuko naiz, apaltasun handiz, iraultzarik gertatu ez delako. Nire inguru hurbilean dauden erdaldunak euskarazko hitz gehiago erabiltzen hasi dira, agurketak, esakuneak eta antzekoak. Urrats txikiak, bai, baina gero eta gehiago, apurka baina kalitate handiagorekin. Arrazoia? Ondoan euskaldun aktibo bat edukitzea. Hurrengo batean gaiari sakontasunez helduko diot; hau da, ezagutzan nola eragin dezakegun dagoeneko euskaldunak garenok. Bitartean, argi daukat euskaldun baten jarrera aktiboak eragin ona duela bere inguruko erdaldunengan.