EUSLEAK

Argia aldizkarian erreportajea irakurri dut, osorik; dena den, hortik harago ez dut proiektua/metodoa ezagutzen. Hori bai, gogoeta bat hona ekartzeko aukera eman dit.

Izan ere, nire ustez, gutariko asko egunero EUSLE gisa aritzen gara. Euskaraz normaltasunez bizi nahi dugunez, aukera dugun guztietan euskaraz aritzen gara. Euskaldun bati beti euskaraz egiten diogu, testuingurua erdalduna izanda ere, esate baterako.

Jarrera arrunta da, euskaldunok euskaldunei euskaraz (nahi) egitea; are gehiago, inkestek askotan horrela baieztatu dute, erabileraren gainean zama handiegia jartzen den arren. Hori bai, uste dut egoera edota elkarrizketa asko euskaraz suertatzen direla gutariko asko EUSLE bihurtzen garelako: gure jarrera aktiboa oso lagungarria da euskara ardatza izan dadin. Gainera, hain jarrera aktiboa ez duten euskaldun askok ederki eskertzen dute euskaraz egiteko aukera eta giroa topatzea.

Azken boladan, erreportajea aparte utzita, horrelako egoera asko ikusi ditut: euskaraz egin nahi dute, baina normala den bezala, ez dute horretarako jarrera argirik. Gu bezalako aktibista batzuk egotea, jarrera irmoari helduta, giltza da euskaraz barra-barra egin dezaten.

Lotsarik gabe, edo lotsatuta, bilatzen gaituzte: “horren inguruan euskaraz goxo-goxo eginen dut”

Oharra: Aipatutako artikulua HEMEN

Utzi iruzkina